Zer da.

Axut! euskarazko antzerkia garatzeko xedearekin sortu dugun kolektiboa da.

25 urtez eman dugu antzerkia euskaraz eta frantsesez, baina orain, euskara hutsean baino, euskara betean ekitea erabaki dugu. Ez garelako hutsetik mintzo, betetik baino.

Euskal antzerki garaikidea eta herrikoia dugu helburu.

 

Ibilbide berriaren erronkari bi galderekin heldu diogu:

Nori mintzatzen gatzaizkio?

Nori eskaintzen diogu gure ondasun guztia?

 

Antzerkia herri baten isla bada, garai jakin batean, orduan eskema propioak sortzeko beharra dugu: eskema ekonomikoak eta artistikoak, bitartekaritza eta heziketakoak, komunikazio eta ekoizpenekoak, teknikoak, saretze eta harrerei lotutakoak...

 

Nola egingo dugu kexatzeko, maitatzeko, haserretzeko, oihukatzeko, iraintzeko eredurik ez badugu?

Zerk sortuko ditu ereduak arteak ez bada?

Gure arteak egiten gaitu euskaldun, euskaraz sortu eta pentsatutako arteak.

Etxekoak gara, etxekoei mintzo, eta horrek munduko egiten gaitu.

Ximun Fuchs.

Joan den mendeko 74an sortu omen nintzen. Bordeleko unibertsitatean antzerkia ikasi nuenetik,  Europako bideak zeharkatu ditut euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Hogei eta bost urtez, nire artea antzerki mugalari, aktore, zuzendari, musikari, gidari, teknikari, ekoizle, banatzaile, zinegile edo irrati kronikari bezala eramaten saiatu naiz. Herrigintza helburu, Hameka lurralde proiektu kulturalaren sortzaileetariko bat izan nintzen.

Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldea  eraman dut hainbat urtez eta berriki Axut! kolektiboa sortu dut anaiarekin batera; lan kolektiboak bultzatzen ditut erabaki iraunkorrak eta ibilbide artistikoak aberasteko.

Tim Robbins, Georges Bigot edo Cesar Brierekin lan egin dut eta euskaraz “Juglarea Puta eta Eroa”, “Errautsak”, “Hamlet” eta “Francoren Bilobari Gutuna” antzerki obrak zuzendu.

Orain, euskal antzerkian eta euskal zinean eragitea erabaki dut bete betean; gure herrian, gure hizkuntzan, gure ametsetan, lehentasunez bizitzeko eta ekiteko.

Manex Fuchs.

1975ean sortu, eta Baxe Nafarroan hazi nintzen. Bordeleko unibertsitatean arte dramatikoetan lizentziatu ondoren, Hego Ameriketan lankidetza proiektuetan parte hartu nuen. Itzuli eta berehala antzezle ofizioan hasi nintzen euskaraz, frantsesez eta baita gaztelaniaz ere. Antzerki ibiltariaren ildotik, musika eta dantza landu ditut, kamioiak gidatzen eta administrazio kontuetan aritu naizen bezala. Antzokien mugak gainditzeko asmoz, plaza-antzerkiari dedikatu naiz mende laurden batez, Le Petit Théâtre de Pain taldearekin. Bide horretan, aktore zein zuzendari paperak asumitu ditut. Bestalde, telebistarako serie baten 15 kapitulotan aritu naiz aktore gisa, baita zinerako pelikula batetan ere. Bi aldiz antzerkilari gisa (“Errautsak”, “Francoren Bilobari Gutuna”) eta behin taula zuzendari gisa (“Publikoari Gorroto”) Donostia Hiria saria jaso nuen.

Nere euskaltzaletasuna Antton Lukuren transmisiotik eraikitzen dut, eta zentzu horretan sortu dugu Axut!. kolektiboa, anaiarekin. batera. Hizkuntza herriaren lurraldea den heinean, espazio libre baten lantzea dut helburu.

Arantxa Hirigoyen.

1974ko neguan sortu nintzen, ihauteri garai bete-betean. Donostian Euskal Filologia ikasi ondoan eta doktoregotza buruturik Baionan, 17 urtez euskara irakasle mozorroa jantzi dut. Sehaskatik Seaskara jauzi eginez, kasik.Hainbat urtez, irakaskuntza eta antzerkia eneganatu ditudan bi mundu dira. Elkarren osagarri diren bi mundu. Harreman konplexu bat, funtsezko galderak iradokitzen dituen bikote berezia. Antzerkia intimoa eta aldi berean magikoa den zerbait da. Norberak bizitzen eta senditzen duena. Eta zein da emozio edo sentimendu guzi horiek transmititzeko leku egokia ? Eskola, ikastetxea, hezkuntza arloa.

Euskarazko sormen laborategiak sortu behar ditugu, gazteei ibilbide kultural eta artistiko zabala eskainiz. Ikus eta sendi dezaten ere, euskara ez dela hizkuntza akademikoa bakarrik, baizik eta euskaraz sortzen ahal dela, euskaraz jostatzen ahal dela, euskaraz plazera hartzen ahal dela ere bai... hots, euskaraz bizi daitekeela, gure eredu zuzenak eraikiz. Hori da Axut ! Kolektiboan finkatu dugun desafio berria, gogotsu eta ilusioz beterik. Ikasle garaian, aspaldi beraz, Ximun eta Manexekin kolegioan antzerkiarekin bizi izandako oroitzapenak gogoan...

Argi Perurena Pascual.

11971ko udaberrian munduratua. Astigarragakoa sortzez, Hendaiarra bihotzez. Unibertsitate ikasketak hezkuntz zientzietan eta psikologiaren arloan egin nituen, Donostian eta Rennes-en. Azkenik Brie Compte Robert-eko laborantsa eskolan ikasi nuen, Parise inguruan lanean arituz: pertsonak, barazkiak, ekologia, ekonomia eta soziala uztartuz bergizarteratze proiektu batean.

17 urterekin ikuskizunaren mundura hurbiltzen hasi nintzen, argiztapenaren bitartez, ARGI IBILI elkartearen eskutik. Hainbat urtez HERRI URRATS elkartean koordinazio lanean aritu nintzen eta bitarte horretan zenbait egitura eta zenbait ekimen bultzatzen lagundu nuen, hala nola Hitza Pitz ipuin festibala, Lapurtarren Biltzarra, Deiadar, Bai euskarari!, EHZ festibala...

2019an herrira itzuli eta hekuntz aholkulari gisa lanean aritu naiz Piarres Larzabal Kolegioan.

Euskal Herritik kanpo egon naizelarik euskal kulturaren mundua herri gosez segitzen nuen eta ahal bezala segitzen nituen Arantxa, Manex eta Ximun, hiru artista kuttun hauen ibilbidea. Orain ezin hurbilagotik segituko ditut, hurbil bihotzez, pentsamenduz eta adiskidetasunez, AXUTeko kide bezala, ibilbide berri honetan.

KONTAKTUA: info@axut.eus    //    Ximun Fuchs: 0033 678 19 23 97    //    Manex Fuchs: 0033 631 10 21 28                                                                          !

Aurkezpenak