Zer da.

Axut! euskarazko antzerkia garatzeko xedearekin sortu dugun kolektiboa da.

25 urtez eman dugu antzerkia euskaraz eta frantsesez, baina orain, euskara hutsean baino, euskara betean ekitea erabaki dugu. Ez garelako hutsetik mintzo, betetik baino.

Euskal antzerki garaikidea eta herrikoia dugu helburu.

 

Ibilbide berriaren erronkari bi galderekin heldu diogu:

Nori mintzatzen gatzaizkio?

Nori eskaintzen diogu gure ondasun guztia?

 

Antzerkia herri baten isla bada, garai jakin batean, orduan eskema propioak sortzeko beharra dugu: eskema ekonomikoak eta artistikoak, bitartekaritza eta heziketakoak, komunikazio eta ekoizpenekoak, teknikoak, saretze eta harrerei lotutakoak...

 

Nola egingo dugu kexatzeko, maitatzeko, haserretzeko, oihukatzeko, iraintzeko eredurik ez badugu?

Zerk sortuko ditu ereduak arteak ez bada?

Gure arteak egiten gaitu euskaldun, euskaraz sortu eta pentsatutako arteak.

Etxekoak gara, etxekoei mintzo, eta horrek munduko egiten gaitu.

Ximun Fuchs.

Joan den mendeko 74an sortu omen nintzen. Bordeleko unibertsitatean antzerkia ikasi nuenetik,  Europako bideak zeharkatu ditut euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Hogei eta bost urtez, nire artea antzerki mugalari, aktore, zuzendari, musikari, gidari, teknikari, ekoizle, banatzaile, zinegile edo irrati kronikari bezala eramaten saiatu naiz. Herrigintza helburu, Hameka lurralde proiektu kulturalaren sortzaileetariko bat izan nintzen.

Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldea  eraman dut hainbat urtez eta berriki Axut! kolektiboa sortu dut anaiarekin batera; lan kolektiboak bultzatzen ditut erabaki iraunkorrak eta ibilbide artistikoak aberasteko.

Tim Robbins, Georges Bigot edo Cesar Brierekin lan egin dut eta euskaraz “Juglarea Puta eta Eroa”, “Errautsak”, “Hamlet” eta “Francoren Bilobari Gutuna” antzerki obrak zuzendu.

Orain, euskal antzerkian eta euskal zinean eragitea erabaki dut bete betean; gure herrian, gure hizkuntzan, gure ametsetan, lehentasunez bizitzeko eta ekiteko.

Manex Fuchs.

1975ean sortu, eta Baxe Nafarroan hazi nintzen. Bordeleko unibertsitatean arte dramatikoetan lizentziatu ondoren, Hego Ameriketan lankidetza proiektuetan parte hartu nuen. Itzuli eta berehala antzezle ofizioan hasi nintzen euskaraz, frantsesez eta baita gaztelaniaz ere. Antzerki ibiltariaren ildotik, musika eta dantza landu ditut, kamioiak gidatzen eta administrazio kontuetan aritu naizen bezala. Antzokien mugak gainditzeko asmoz, plaza-antzerkiari dedikatu naiz mende laurden batez, Le Petit Théâtre de Pain taldearekin. Bide horretan, aktore zein zuzendari paperak asumitu ditut. Bestalde, telebistarako serie baten 15 kapitulotan aritu naiz aktore gisa, baita zinerako pelikula batetan ere. Bi aldiz antzerkilari gisa (“Errautsak”, “Francoren Bilobari Gutuna”) eta behin taula zuzendari gisa (“Publikoari Gorroto”) Donostia Hiria saria jaso nuen.

Nere euskaltzaletasuna Antton Lukuren transmisiotik eraikitzen dut, eta zentzu horretan sortu dugu Axut!. kolektiboa, anaiarekin. batera. Hizkuntza herriaren lurraldea den heinean, espazio libre baten lantzea dut helburu.

KONTAKTUA: info@axut.eus    //    Ximun Fuchs: 0033 678 19 23 97    //    Manex Fuchs: 0033 631 10 21 28                                                                                  !

Aurkezpenak