Harkaitz joan zaigu, haurtzaroko bidelaguna; oroitu gira zenbat ginen, eta zenbat udaberri genituen esperantzan.

Maiatzean erretzen ziren karrikak: zenbat langile,
zenbat euskaldun, zenbat senide....

Karrikek ke artean amaitzen zutenean,
beti zegoen esku bat heltzeko, ihes egiteko.

Erre, erre ziren birikak...

Oihu egin, garrasi, mina barnean usteldu ez dadin.

Harkaitz joan zaigu, eta harekin gure haurtasun puska bat.

Maiatzean loratzen dira haritzak, ugaltzeko, zabaltzeko eta haizearen askatasunean murgiltzeko.

Erro sendoak dituzte haritzek, eta mendien artean, arrokari lotzen dira.

Haritzek ez dute ahanzten nondik datozen.

Horretarako xutik irauten dute.

Harkaitz joan zaigu, baina bihotzean errotuta.

Maiatzeko lehen belar uztan,
belarren artean jauzika pasatzen ginuen etxeko zelaietan.

Osaba, izeba, lehengusuak, gurasoak, aitatxi eta besteak kanpoko lanetan ari.

Eta gu, haur ttipi eta ausartak, indio mozorro, galtza motz eta belaun urratudunak.

Haurren hilabetea da maiatza.
Uda dator, belarretan jauzi egin, itsasoan murgildu eta maitatu.

Lagunen hilabetea ere bada, daudenak eta zirenak maitatzeko maiatza,

hotza amaitzen duen lehen uzta.

Bihotzaren transhumantzia, belar sendoago baten promesa.

 

Ximun eta Manex

KONTAKTUA: info@axut.eus    //    Ximun Fuchs: 0033 678 19 23 97    //    Manex Fuchs: 0033 631 10 21 28                                                                                  !

Uzta